Horrela jaio zen Piriniar...

Piriniar, hiruzpalau urteko lanaren emaitza da, eguneroko bizitzak aisialdirako uzten dizkidan tarteetan pentsatu eta garatua. Zaletasun askoko pertsonatzat daukat nire burua eta proiektu pertsonal honekin, umetatik maite izan ditudan mapak eta mendia uztartzea izan dut helburu. Zergatik Pirinioak? Txikitatik izan naiz elur-zale amorratua. Elurrak liluratu egiten ninduen eta orduak ematen nituen pirinioetako web-kamerak, eguraldiari buruzko eztabaida-lekuak, eski-estazioen inguruko albisteak… ikusi eta irakurtzen. Elurrarengatik Pirinioetara begira egon izan naiz beti. Bestetik, txikitan gurasoekin Puigpedrós mendira joan eta GR11 bidearekin egin genuen topo. “Pirinioak alderik alde gurutzatzen ditu”, esan zidaten eta esaldi hura buruan hiltzatuta geratu zitzaidan, egunen batean egin behar nuela pentsatuz. Orain dela lau urte ekin nion GR11 bideari eta maparen proiektuaren hasierarekin bat egin zuen. Ea gustoko duzun!

Ibai.